XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zeri erantzuten dio? Zeintzuk ditu bere helburuak? Zein harreman sortzen da alfabetatzea eta beste mugimenduen artean?.

Behin baino gehiagotan eman nahi izan dira alfabetatzearen definizioak; eta era askotakoak, noski.

Euskara soilki erakustea izan behar duela dionetik, ezkertiar iraultzaile gisako gizarte eskola bezalako zerbait izan behar duela diotenetarainokoak.

Bi ertz hauen artean ulerbide eta joera ugari dugu.

- Baina, ba ote dugu ideologiazko era hortarako definizio bat ematerik, arruntki alfabetatzeari gagozkiolarik?.

- Ezetz esanen genuke.

Izan ere, euskara soilki erakustea, hizkuntzaren bitxikeriak bakarrik aztertuz, prolematikatik aldenduz, oso eginkizun hutsa dirudigu; eskapista behar bada.

Alfabetatzea herritik sortu da, eta hain egoera eta arazo ezberdinei erantzun nahiz, Euskal Herrian zehar.

Askotan esan ohi denez, udaberriko zizak jaiotzen diren gisa, hor hemenka.

Baina, guztiok dakigu edo pentsa dezakegu bederen lur malkarretan ez dela sasiaz besterik sortzen.

Hau da, zizek ere kondizio batzuk behar dituztela sortzeko eta prozeso bat jarraitu behar dutela.

Era berean alfabetatzea Euskal Herriak egun duen egoeratik sortu da.

Zehazkiago, bizi duen egoeran eta egoera horren aurka esanen genuke.

Beraz, herriaren euskaldun izatearen nahitatik sortu da.

Eta gure lana da orain kondizio horiek zaintzen jarraitzea, eta pixkanaka, egunetik egunera hobeagotzea, zelaiak baratz bihurtzera iritxi arte.

Penagarria izanen litzateke euskararen edertasunak ikus eta ikasirik konformatuko baginateke, zelaiak zein politak diren begiratuz geratu gintezken bezala.

Aurrera eginez, jo dezagun orain, lurrok lantzen hasten garela, hasiak garen bezala.

Nola landu eta ondu?.

Hor dator eztabaida, eta hortan oinarritzen da gaurko alfabetatzea; eguneroko gertakizunak egunero egiten dugun lana aztertuz, analizatuz, tresnak zorroztuz, egokituz, euskara lekuko.

Esan dezakegu, beraz, euskara tresna bat dugula, harma bat hobeki, beste zenbaitzu bezala.

Baina harmak ez dira zein politak diren begiratzeko, erakustokietan daudenak ez ezik.

Eta gure hizkuntza ez dugu euskaldunok erakustoki batetan jartzeko, abiatu den gerrate hontan egunero erabiltzeko baizik.

Bai, euskaraz egitea ere, iraultzaile omen.

Honek, noski, lan egitera dakar berarekin; eta lan horren bidez herriaren burrukan gero eta parte haundiago eta azkarrago bat izatera iristea.

Alfabetatzearen konzeptuazio honek, klase-lan batetan, langile klasearen lan bihurtzen du euskara ikastea bera ere, hizkuntzari lotzen dizkiogularik gure bizitzako arazo oro; hizkuntza baten izatea ez baita definitzen eta mugatzen besterengandik desberdina izatetan bakarrik.

Hizkuntzak, gure kasuan euskarak, berarekin baitarama munduaren eta gizarte arazoen analizatze nota bat, nortasun bat.

Beraz, alfabetatze lanak gizarte berri bat egitearen lana darama eta gizarte berri hortan atxikitzen gaitu, gure pentsakera, ohidurak eta interesak eraberrituz, gure burua azkenik euskal gizartean osoro integratuz.

Eta guzti hau, hain zuzen, inork kendu ezin digu harma batez: hizkuntzaz.

Egun, arrazoin bidetatik den artean uste dugu edonork duela ideologia bat edo beste jarraitzeko eskubidea, lana era batera edo bestera egiteko eskubidea.

Alfabetatzea kultur lan baten egitea da; hau da, gure eguneroko bizitzako gertakizunen lantzea, aztertzea da; eta guzti hauk euskara adierazbide delarik, eta euskara bera ere hobeagotuz, egungo beharretarako egokituz, etabar...

Esan dugu alfabetatzea herri mugimendu bat dela, herritik sortua, zabala eta oinarritakoa.

Orduan, nola, aurrez, egin dezakegu alfabetatze mota bat (ideologiaz mugatua) eta bide batez herri mugimendu bat (mugimendu zabal bat) aurrera arazi?